– Zer iruditzen zaizu Europako Batasunak lehen bi txertoak merkaturatzea?
«Ez nau harritu. Aldez aurretik beldurra zabaldu dute herritarren artean, eta, horrekin batera, bidea ireki diote gutxieneko bermerik ere eskaintzen ez duen txerto bati. Iruditzen zait arduragabekeria itzela, administrazio publikoena eta osasun agintariena. OMEk pandemiatzat jo zuen A/ H1N1 gripea oso azkar, eta hortik etorri da, gero, txertoa prozedura lasterrez, eta beharrezko proba guztiak bukatu gabe, merkaturatzea. Uste dut jarrera arduragabea dela, mundu mailako multinazional farmazeutikoen diru gosea asetzeko«.
– Zer gerta daiteke herritarrak txertatzen badira txerto honekin, nahiz eta beharrezko proba guztiak amaitu ez diren?
«Bada, 1976an AEBetan gertatu zena. Orduan ere modu masiboan txertatu zuten populazioa gripe baten aurka, eta, txertoak proba guztiak eginda ez zituenez, bigarren mailako ondorioak agertu ziren -Guillain-Barreko sindromea, adibidez-. Hainbeste izan ziren kasuak ezen estatuak ezin izan zien aurre egin kalte-ordain guztiei«.
– Eta, zer irtenbide egon daiteke horren aurrean?
«Oraintxe heldu zaizkit informazio batzuk, blogen bidez, eta hauxe diote: A/N1H1en aurkako txertoa egin duten enpresek baldintza gisa jarri dietela estatuei ezin izango zaiela kalte-ordainik eskatu txertatuengan bigarren mailako ondorioak azalduko balira. Belgikak, Espainiak eta beste herrialde batzuek onartu dute baldintza hori. Uste dut nahikoa zantzu daudela susmatzeko gaitz honen inguruko guztiak interes ekonomiko zehatz batzuei men egiten diela, atzean enpresa multinazionalak daudela«.
– Zer egin daiteke gaixotasun honen aurrean?
«Zoriontsu izan. Zaindu, dieta osasungarria eraman -transgenikoak ez erabilita, esaterako-. Indarrean izan den beldur zabaltze kanpainak lehen ondorio ezkorra du pertsonen defentsa sisteman. Gaixotasunaren aurrean lasai eta seguru egotea da bermerik onena hari eraginkortasunez aurre egiteko. Beldurra izanez gero, defentsak ahuldu egiten dira. Gaur irakurri dugu Nafarroan lehen pertsona hil dela ditxosozko gripe honekin. Urtero hiltzen dira dozenaka lagun gripearekin. Zer demontregatik haiek ez dira albiste, eta hau, berriz, bai? Zer interes daude honen atzean? Lasai egon behar da. Gaixotasun honek ez du aparteko larritasunik. Frogatu da jadanik hainbat herrialdetan. Haren eragina beste gripeena baino arinagoa da, nahiz eta errazago kutsatzen den«.
– Eta munduko hegoaldeko herrialdeetan ez dute txertorik erabili.
«Txerto honetan nahastu dituzte gripe ezberdinen osagaiak. Badirudi A/H1N1ekoaz gain, H5N1 edo hegazti gripearen osagaiak ere badituela. Benetan, kosta egiten zait pentsatzea naturak horrelakoak sor ditzakeenik. Horregatik, gaizki pentsatzeko zantzuak daudela-eta, korridore ilunetan linterna zabaltzeko ordua iritsi da. Zer pentsatua ematen du, esaterako, gaitz honi aurre egiteko erabiltzen ari den analgesikoa -Tamiflu-a- Ronald Rumsfeld AEBetako Defentsa estatu idazkari ohiaren enpresak merkaturatu izanak«.
– Mesfidantzaz hartu duzue mediku batzuek txertoa, eta pentsatzen dut txertatzeari uko egingo diozuela.
«Joan den egunean medikuen kolegioan izan genuen bilkura bat, eta osasun arduradun batek kargu hartu zigun esanez lotsagarria dela medikuen %20 bakarrik txertatzea ohiko gripearen aurka, eta gu garela lehenengoak gizarteari eredua eman behar diegunak«.
– Espainiako Osasun Ministerioak ebatzi du 14 urte bitarteko haurrak ez txertatzea, berme nahikorik ez duelako. Besteentzat ba al du?
«Harrigarria da, esaterako, haurdun dauden emakumeak txertatu nahi izatea. Arduragabekeria larria dela uste dut«.
– Zer esango zenioke A/H1N1 harrapatu duen gaixoari?
«Lasai egoteko. Atseden hartzeko. Horrela, pasatuko zaio. Gorputzak badaki nola aurre egin gripeari. Medikuntza fakultatean esaten den bezala, gripe bat zazpi egunetan gainditzen da botikak hartuta, eta astebetean botikarik hartu gabe. Osasunez normal dagoen pertsona batek ez du ezer berezirik egin behar. Pasatuko zaio. Gaitz kronikoren bat dutenei -giltzurrun edo arnasketa hutsegitea, esaterako- esango nieke ohiko medikuekin harremanetan jartzeko, kasu bereziak direlako, eta arrisku handiagoa dutenez, jarraipen berezia egin beharko zaielako«.
– Gero eta gehiago zarete txertatzeen eraginkortasunarekin zalantzak agertzen dituzuen medikuak eta osasun adituak.
«Baina sekulakoak entzun behar izaten ditugu hori dela eta. Ildo ofizialetik irteten den guztiari jipoi izugarria ematen zaio. Hala eta guztiz ere, gero eta datu gehiago ditugu zalantza edukitzeko, eta txertatzea kaltegarria dela pentsatzeko. Izan ere, egin dira hori frogatzen duten azterketa zientifikoak ere. Kontua da, pentsamendu horrek talka egiten duela botiken multinazionalen interesekin. Eta, haiek, merkatua ez ezik, osasuneko agintarien norabidea ere bideratzen dute«.
(2 octubre 2009)